Hiztunak

Aduriz Lopetegi, Mañoli

1941/04/23 - Ugaldetxo

Mañoli Aduriz esanda baino Ugaldetxoko pelukera esanda jende gehiagok ezagutzen du. Ez da alferrik aritu 40 urtean ofizio honetan. Ugaldetxotik bezalaxe, Oiartzun guzitik ere etortzen zitzaizkion bezeroak, eta baita Errenteria eta Donostiatik ere. Txikitatik gustatzen zitzaion ilea apaintzen aritzea eta huraxe hasi zen ikasten 14 urterekin. 18rekin jarri zuen ileapaindegia, Txukuneko behiak ondoan marruez zituela. Gaur egun, ile-apaintzaile ona izan delako baino gehiago pozten da inorekin haserretu gabe utzi duelako ofizioa. Ugaldetxoar petoa dugu Mañoli, asko maite du auzoa, eta horregatik ematen dio min azkeneko urteetan zaindu gabe egoteak.

Aduriz Urdanpilleta, Tiburtxi

1932/10/09 - Altzibar

Altzibarko Xoterone denda ezagunean jaio, hazi eta oraindik bizi dena. Aita zuten Sotero eta berak jarri zuen denda, hortik datorkio izena. Baina etxea berez, Pontxene da. Instituzio bat zen Xoterone. Mamut txiki  edo Corte Ingles pequeño bezala ere ezaguna zen, supermerkatu bat ematen zuelako: hiru senide ziren eta bakoitzak bere sailaren ardura eramaten zuen: Joxe Manuel anaiak ferreteria eta baserri tresnak. Maria Luixa ahizpak mertzeria eta Tiburtxi berak janaria. Ez zen gauzarik han ez zegoenik. Baina horretaz gain, goizero-goizero basomutilentzako zakotea prestatzen zuten eta hainbat zerbitzu ematen zizkion auzotarrei. Aurretik sagardotegia ere eduki zuten.

Almandoz Huitzi, Gregori

1921/06/04 - Arano

Gregori, Aranon jaioa zen. 60 urte baino gehiago egin zituen Oiartzunen, Joxe Luix Irastortzarekin ezkonduz geroztik. Baina begiak bixi-bixi jartzen zitzaizkion bere jaiotetxea eta jaioterria aipatzen zituen bakoitzean. Larrazabaltarrak, gizonaren aldekoak, ez ziren dantzazaleak, baina bere familia beti izan zen oso dantzaria: beren aitak seme-alaba guztiekin Aranoko plazan dantza egin zuenekoa aski gogoan zuen. Baserrian lanean, neskame, ezkondu eta gero ere etxetik kanpo lan eginez... Gregoriren bizitza ere lanak markatu zuen, baina bera oso baikorra zen eta ezin zela kexatu zioen: Gaztaro alaia eta arrunt polita izan zuela zioen, eta zahartuta ere, balitzen zirela.

Andalurria Urrutia, Anttoni

1918/05/08 - Ergoien

Gaur egun desagertua den eta Tolare jatetxearen ondoan zegoen Etxenagusin jaio zen Anttoni. Tolareko haurrak etxean izaten zituzten, eta, bertako etxekoandreak eskatuta, oraindik neska kozkorra zela, hasi zen neskame Tolaren. Bertako haurrak zaintzen hasi zen, baina Tolare, taberna eta dendaz gain, baserria ere bazen, eta denetariko lanak egin zituen Anttonik. Eta ez Tolarekoak bakarrik, Ergoien eta Oiartzungo etxe askotara ailegatu zen lanera. Toki askotan eskatu zioten neskame joateko, baina berak beti nahiago izan zuen Tolaren gelditu. Nobio bat baino gehiago izan omen zituen, baina nahiago izan zuen ezkongai gelditu. Auzoko haur belaunaldi asko zaindu zituen, ia-ia bereak bazituen bezala, eta haur haiek heldu bihurtu eta gero ere, denen kezka izaten zuen.

Arana Aranburu, Marijose

1950/03/16 - Iturriotz

Marijose, Iturriozko Garaño baserrian jaio eta hazia da. Baserritarra izaki, Iturriozko kaleko bere lagunek baino lan gehiago egin behar izaten zuen, baina beti ateratzen zuen denbora beheko sorora jaitsi eta jostatzen aritzeko.

Aranburu Lekuona, Tiburtzio

1925/08/04 - Gurutze

Tiburtzio, Altzi baserrikoa da. Bere bizitza guztian baserrian aritua da, baina gaztetan dirua aterako bazuen, beste zenbait lantegitan aritu behar izan zuen: meategietan, kontrabandoan... Gerra kontuak gogoan ditu Tiburtziok, Altzi inguruan ibili baitzen frentea.

Aranburu Pagadizabal, Simon

1930/10/02 - Oiartzun

Oiartzungo Gaztelugoia baserrian jaioa, Pikoketan. Guraso biak bertakoak zituen. Bederatzi senide ziren. Aitak Arditurriko meatzeetan egin zuen lana, eta gero baita etxeko sei mutilek ere. Simonek 34 urte egin zituen meatzeetan lanean, itxiera arte. Ez zen eskolara joan, eta doktrina auzoko emakume batek erakutsi zion, Jaunartzea egiteko. Umetatik lan asko egin zuen, ganaduarekin eta ardiekin; hamabi urterekin morroi bidali zuten gertuko baserri batera. Baso lanetan ere ibilia da. Txiste eta bertso zalea da. Irungo Olaberria auzoko Aristigazte baserrian bizi da; arrebetako bat haraxe ezkondu zen.

Arbelaitz Sarasola, Rufino

1924/03/20 - Altzibar

Umore handiko gizona genuen Rufino; agudo hasten zen bertso-kantari eta gertakari xelebreak kontatzen. Bertsotarako zaletasuna aurretik zetorkion. Bere osaba omen zen oso bertsozalea; ez zen alferrik Zurkoko Kazkazuri bertsolariaren iloba. Rufinok bertso asko zekizkien buruz; edozer gauza kontatzen zuenean, bertso batekin lagunduta biribiltzen zuen. Altzibarko Olalde baserrikoa zen Rufino. Altzibar bera eta Olalde ingurua beti izan dira mugimendu handiko guneak. Hainbat lantegi sortu dira bertako urak aprobetxatuz: bi errota, arrain-fabrika, paper-fabrika... baita auzotarrak iturri gabe utzi zituen edari-fabrika ere. Horien denen berri eman zigun Rufinok, elkarrizketan zehar.

Arbelaitz Zapirain, Maria Jesus

1936/01/01 - Oiartzun

Oiartzungo Iturriotz auzoko Garmenditxiki baserrikoa da; aita eta ama ere Iturriotz auzokoak zituen. Gerra garaian jaio izanagatik miseriarik ez zutela izan dio, baina bai bestelako zerbait jateko gogoa. Txikitako jostaketak eta gaztetako Txiki Erdiko bilerak ongi gogoratzen ditu; hantxe (Txiki Erdin) ezagutu zuen bere senarra den Bixente Mitxelena. Zazpi seme-alabaren ama da.

Arregi Aldai, Euxebi

1934/06/27 - Oiartzun

Ergoien auzoko Egurtzi baserrian jaioa. Ama bertakoa zuen eta aita Leaburukoa. Hiru ahizpatan zaharrena, herriko eskolan ibili zen, eta gero Donostiara joan zen ikastera, akademia batera. Artean gaztetxoa zela Egurtzitxikira joan ziren bizitzera. Baserritik bizi ziren; ama Errenteriara joaten zen tratua saltzera. Irungo Patxi Bolaño soinu-jotzailearekin ezkondu zen.

Arruabarrena Ansa, Maitxo

1926/05/13 - Iturriotz

Iturriozko Juanenen jaio eta Ugaldetxoko Gariñora ezkondua. Hizlari trebea. Garai bateko kontu asko zekizkien eta oso ongi kontatzen zituen. Belaunaldi kontalarien lekuko argia. Telebistarik eta interneta ez zegoen garaian, sutondoan berriketan eta kontu-kontari aritzen zirenen kastakoa. Familiaz asko hitz egiten du, beti ere hitz goxoekin: bai bere gurasoez, senideez, seme-alabez eta ilobez.

Arruti Garate, Maria

1904/04/16 - Oiartzun

Oiartzungo Plemunta baserrian jaioa. 14 urte zituela neskame joan zen. Maria ia 40 urterekin ezkondu zen Domingo Urtegi Besoburu alargunarekin, eta ume bat ere izan zuen, baina urte gutxirekin hil zitzaion. Grabazioa neskame egon zen etxeko familiak egindakoa da, eta, bertan, familia horretako pertsona eta eginkizunei buruz hitz egiten du. Grabazioa Joxe Iturriotzen bidez jaso dugu (elkarrizketatzaileak haren gurasoak dira).