Hiztunak

Retegi Aizpurua, Josefa

1925/02/19 - Ugaldetxo

Ugaldetxoko Esnao baserrian jaio zen 1925eko otsailaren 25ean. Aita Pio Retegi, karrikatarra zuen; ama, berriz, Josefa Luisa Aizpurua, Iturriozko Anatxuri baserrikoa. Zortzi senidetan zaharrena izaki, etxean lan asko egitea tokatu zitzaion Josefari, ez zen handik asko ateratzen, ezta eskolara joateko ere. Gerra garaia bete-betean bizitu zuen eta hainbat istorio kontatzen ditu, zehaztasun handiz. Altamira baserriko semearekin ezkondu eta bi seme-alaba izan zituen.

Retegi Elizegi, Inaxi

1925/02/11 - Iturriotz

Inaxi, Aranbiden jaio eta Aranen hazi zen. Lau senideak oraindik gazteak zirela hil zitzaizkien gurasoak eta izeba batekin gelditu ziren Aranen. Baserriko lanetan ez ezik, josten ere asko aritzen zen Inaxi. Lehendabizi, Iturriotzen ikasi zuen josten, eta, gero, Errenteriara joan zen 'kortea' ikastera. Baserriko lanak egin behar izaten bazituen ere, ahal zuen guztietan kalera joaten zen. Beti gustatu izan zitzaion kaleko giroa eta lagun asko ere bertan egin zituen: Mari Karmen Zalakainekin ikasi zuten kantari eta koroan ere urte askoan aritu izan zen.

Retegi Oiartzabal, Asier

1990/05/23 - Ugaldetxo

Oiartzuarra da, 1990. urteko maiatzaren 23an jaioa, eta Ingeniaritza zibila ikasitakoa; irakasle izateko masterra ere egina du. Urte askotan zehar pilotan jokatzen ibilia da Asier, eta gaur egun, haur eta gazteei pilotan jokatzen erakusten aritzen da. Bi senidetan zaharrena, oiartzuarrak ditu gurasoak. Bere hizkerarekiko kezkaren berri azaltzen du, eta adierazi, ahalegin berezia egindakoa dela Oiartzuera ongi ikasten eta lagun artean eta inguru hurbilean hitanoa sustatzen. Lagun talde edo koadrilaren aisialdian euskarak hartzen duen eremuaz eta betetzen duen funtzioaz dihardu bereziki, beste hainbat konturen artean. Julen Idarreta koadrilako lagunarekin batera elkarrizketatu genuen.

Sagardia Olano, Maitxo

1926/08/29 - Astigarraga

Maitxo Astigarragan jaioa bada ere, sei urterekin Oiartzunera etorria da. Oiartzungo kalea ongi ezagutzen du, elizaren atzean zegoen Ollokine baserrian hazia baita. Ollokinen jostundegia zuten izebek, eta makina bat neska pasatu ziren bertatik, josten ikastera. Maitxok gerra aurreko eta ondorengo Oiartzun ezagutu du, aski ederki daki gerrak zer ondorio utzi zuen herrian eta herritarrengan.

Saizar Lopetegi, Lorentxa

1927/08/10 - Lezo

Lorentxa, Lezoko Maintzine baserrian jaio eta Aranera ezkondu zen, bertako Piorekin, Inaxiren anaiarekin. Piorekin ezkondu zenean, Aranen, Pioren beste bi senide eta izeba bizi ziren. Bost seme-alaba hazi zituen bertan, eta, senarra lantegira joaten zen bitartean, berak baserriko lanak egiten zituen. Lezoko hizkera eta ahoskera gordetzen bazuen ere, oiartzuera ongi ikasi zuen eta Oiartzun bera ere bertako edonork baino hobeto ezagutzen zuen.

Tapia Iparragirre, Joxe Luix

1933/12/11 - Ergoien

1933. urteko abenduaren 11ean Ergoiengo Epele baserrian jaioa. Ama Maria Iparragirre zuen, Epelekoa bertakoa eta aita, berriz, Martin Tapia Penadi-Txiki baserrikoa. Bi senidetan zaharrena da Joxe Luix. Aita oso gazterik hil zitzaien eta gazte-gaztetatik hasi behar izan zuen lanean: baserrian, kanpoan eta baita kontrabandoan ere. Ederki kontatzen ditu, batez ere, kontrabandoko kontuak. 

Unsain Aizpurua, Dolorex

1935/10/07 - Iturriotz

Iturriozko Anatxuri baserrian jaio zen Dolorex, 20 urte ingurura arte bertan bizitu zen. Gero Altzibarrera ezkondu zen eta geroztik Atzibarren bizi da. Hizkera ere oso aberatsa du eta kontalari bikaina. Kontu zahar asko dakizki eta aipatzeaz gain, aski ongi azaltzen ditu, oraingo gazteek ulertzeko moduan. Bizimodu gogorra edukitakoa baina baikortasunez eta umorez kontatzen duena. Aita argi linearen mantenuan ibiltzen zen eta berari laguntzen aritzen zen. Gizona erlojerua zuen.

Unsain Iartzabal, Domi

1949/06/12 - Iturriotz

Domi, Iturriozko Beltzenen jaioa eta Sarasenen hazia da. Bere lagunak ez bezala, bera mojetan ibilia da kalean. Aski ederki ezagutzen du Tronpeoko malda. Lagunak, ordea, oraintxe bezalaxe, Iturriotzen zituen orduan ere.

Urbieta Enbil, Pepi

1949/10/09 - Oiartzun

Oiartzunen jaioa 1949an. Bi senidetan nagusiena. Gurasoak ere oiartzuarrak zituen. Amak baserrian lan egiten zuen eta aitak, berriz, Errenteriako "La Papelera" lantegian. Pepik administrazioan lan egin izan du. Jesus Garcia arabarrarekin ezkondu eta bi seme izan zituen.

Urritegi Artola, Pili

1945/10/07 - Ergoien

Ergoiengo Tomasenborda baserrian jaioa da Pili; nahiz eta ezkondu ezkero Altzibarko Osabane etxean bizi den. Gaztea da Pili, baina hizkuntza arrunt aberatsa darabil. Baserritarra izaki gauza asko daki gaiaz: tresneria, abereak, lana ... Horrez gain, makina bat kontakizun xelebre, esaera zahar, sorgin kontu ... dakizki eta grazia berezia du kontatzeko. Bere aita, Pillipo bezala ezaguna herrian, ere halakoxea zen. Herriko zahar asko gogoratzen da Piliren aitaz bere bertso eta ateraldiengatik. Alaba, Pili, ere horrelakoa dugu; erantzuna beti prest duen horietakoa.  

Zabalegi Lazkanotegi, Joxepa

1916/03/21 - Altzibar

Joxepa Altzibarko Martinmotzenen jaioa zen, eta bertan bizitakoa, Arandaranera ezkondu zen arte. Bederatzi senide izaki, lan asko egina zen ttikitatik, baserrian bezalaxe kanpoan ere. Martinmotzenen tolarea zeukaten eta jende asko pasatzen zen bertatik. Joxepak lana egin behar izaten zuen eta ezin izaten zuen egunero joan eskolara. Maistrak errieta egiten zion horregatik; izan ere, eskolarako asko balio zuena zen. Gero ere, Arandaranera ezkondu berritan, auzoko haurrei eskola emana da Aizegainen.

Zabaleta Labandibar, Joxe

1929/10/29 - Donostia

Karrikako Etxeberrikoa bazen ere, berez, Donostiako Mirakruzen jaioa zen Joxe. Baina oso gaztea zela etorri zen familia bertara. Ama zuten Etxeberrikoa. Karrikara bizitzera etorri baino lehen ere, eskolako oporrak Altzatxikin pasatzen zituen Joxek. Ama ez omen zen oso gustura etorri, baina beraiek hona eginda zeuden eta ez zuten mirarik egin. "Kastillano burro" deitzen omen zioten Karrikan, eta gero zer da, eta erdaraz ahaztu. Edonork esango zuen Joxe donostiarra zenik: Oiartzungo bazterrak beste inork baino hobeto ezagutzen zituen eta baserrian ez ezik, mendian ere lan asko egina zen. Urte gehienak Diputazioan egin zituen, errepideak konpontzen, baina lantegi askotatik pasatakoa zen, 14 urtetarako lanean hasia baitzen. Oiartzuar petoa bagenuen ere, hitz batzuetan gipuzkera kutsua nabaritzen zitzaion.