Hiztunak

Zabalegi Lazkanotegi, Joxepa

1916/03/21 - Altzibar

Joxepa Altzibarko Martinmotzenen jaioa zen, eta bertan bizitakoa, Arandaranera ezkondu zen arte. Bederatzi senide izaki, lan asko egina zen ttikitatik, baserrian bezalaxe kanpoan ere. Martinmotzenen tolarea zeukaten eta jende asko pasatzen zen bertatik. Joxepak lana egin behar izaten zuen eta ezin izaten zuen egunero joan eskolara. Maistrak errieta egiten zion horregatik; izan ere, eskolarako asko balio zuena zen. Gero ere, Arandaranera ezkondu berritan, auzoko haurrei eskola emana da Aizegainen.

Zabaleta Labandibar, Joxe

1929/10/29 - Donostia

Karrikako Etxeberrikoa bazen ere, berez, Donostiako Mirakruzen jaioa zen Joxe. Baina oso gaztea zela etorri zen familia bertara. Ama zuten Etxeberrikoa. Karrikara bizitzera etorri baino lehen ere, eskolako oporrak Altzatxikin pasatzen zituen Joxek. Ama ez omen zen oso gustura etorri, baina beraiek hona eginda zeuden eta ez zuten mirarik egin. "Kastillano burro" deitzen omen zioten Karrikan, eta gero zer da, eta erdaraz ahaztu. Edonork esango zuen Joxe donostiarra zenik: Oiartzungo bazterrak beste inork baino hobeto ezagutzen zituen eta baserrian ez ezik, mendian ere lan asko egina zen. Urte gehienak Diputazioan egin zituen, errepideak konpontzen, baina lantegi askotatik pasatakoa zen, 14 urtetarako lanean hasia baitzen. Oiartzuar petoa bagenuen ere, hitz batzuetan gipuzkera kutsua nabaritzen zitzaion.

Zalakain Irastortza, Roxario

1923/03/01 - Iturriotz

Roxario Iturriozko Martiagirrenen jaioa da, beste zortzi seniderekin batera. Aita ferratzailea zuten, baina bere lana ez zen nahikoa hainbeste haurri jaten emateko, eta gazte-gaztetatik hasi behar izan zuten senideek etxetik kanpo lanean. Bera hamabi urtetarako hasi zen Aduriz sagardotegian lanean, eta hantxe ibili izan zen lan eta lan, erretiratu arte. Egunero-egunero joaten zen lanera, baina, gaztea izaki, igande eguerdian lana bukatu orduko han joaten zen lagunekin Txikierdiko bilerara. Gauza gutxirekin ilusioa izaten zutela nabarmendu digu Roxariok, eta lana besterik ezagutu ez zuen emakume honi umorea gordetzen zuela igerri genion guk.

Zubialde Olaskoaga, Kaxilda

1911/04/09 - Ergoien

Kaxilda ergoiendarra zen, Txanpañen jaio eta bizitakoa. Gaztetan kaleko Ollarragirrera etorri ziren eta handik ezkondu zen plazara. Ergoiengo Garatekoa zuen senarra, arotza. Txanpañe Aierdiren ondoan dago, eta Aierdi eskola zen. Hori dela eta, auzoko bere adineko haurrekin harreman handia eduki zuen Kaxildak. Plazan bertan bizitakoa izaki, Oiartzungo gertakari nagusien lekuko bikaina genuen Kaxilda. Bere garaiko beste askoren modura, gauza onak baino txarrak gehiago pasatakoa zen, baina umore onari eutsi izan zion beti.