Oiartzun Irratia

www.oiartzunirratia.org 

IZAERA

Euskara hutsezko herri irratia dugu Oiartzungoa, dinamikoa eta herritar guztientzat ateak zabalik dituena. Irratiko langileek egiten dituzten saioez gain, hainbat kolaboratzailek ere parte hartzen dute. Herriko hainbat talderen eta eragileren txokoa era bada irratia. Gainera, Euskal Herriko eta Munduko albisteen berri emateaz gain, herriko albiste freskoenak izaten ditugu astelehenetik ostiralera; herritik herriarentzat.

HISTORIA APUR BAT

  • Aurrea hartuta. 90.  hamarkada herri komunikabide euskaldunen aroa izan zen. Euskalgintzan, ordura arte, erdarazko zerbitzuei begira bizi ginen; haiek zer egin, guk hura kopiatu. Baina garai hartan, euskalgintza konturatu zen informazio lokala lantzen zuten komunikabideen premia genuela. Herri askotan bertako informazioa jasotzeko euskarazko komunikabideak sortu ziren; euskararen normalkuntzan urrats garrantzitsua izan zen hau.
  • Gure eskualdeko egoera. 1998an egoera txarrean geundenik ezin esan. Eskualdeko lau herritan euskara hutsezko herri aldizkariak geneuzkan (Oreretako Lau haizetara, Lezoko Orratx!, Pasaiako Branka eta Oiartzungo Udal aldizkaria). Bestalde, eskualde mailako herri telebista genuen: Oarso telebista.
  • Oiartzun irratiaren sorrera. Aurretik bi irrati egonak ziren Oiartzunen (Urritza Irratia eta Kontakatilu irratia). 1999 hasieran Udalarekin hitzarmena sinatu zuen Oarso Kultur Fundazioak. Udalak azpiegiturak utziko zizkion fundazioari eta fundazioak programazioa eskaini. Horrela, 1999ko uztailaren 7an Oiartzun Irratiko lehenengo saioa emititu zen. Herritar askok parte hartu zuten proiektuan. 2002 inguruan irratiari izaera juridikoa eman zioten eta Hitz Hots elkartea sortu zuten. Urteak aurrera egin ahala, irratia handitzen joan zen tresna eta taldekide aldetik. Gaur egun, 2014an martxan dago irratia eta bide oparoa du egiteko. Mila esker, beraz, bide luze honetan parte hartu duzuen guztioi!