Hiztunak
Irazu Apezetxea, Erramun
1926 - 2013 · Ergoien
Erramun Portuburuko seme gazteena zen. Tornolan maisu eskasia edukiki, ez zuen urte asko egin eskolan. Baina Erramunek berezkoa zuen ikasi nahia eta aski ederki jakin zuen bizitzaren eskolatik behar izan zuen hura bilatzen. Ttikitatik ongi ezagutu zuen baserriko ardura zer zen, baina, horrek bizitzeko adina ematen ez zuenez, kontrabandoan ere arriskatu behar izan zuen. Portuburukoek ahozko transmisioa beti landu izan dute; su bazterreko kontaketak bizirik dirau oraindik ere haienean.
Iriarte Rekalde, Pako
1935 - 2023 · Iturriotz
1935ean jaio zen Pako Iturriozko Estrataburu baserrian. Oraindik haurra zela, izeba-osabekin bizitzera joan zen Ergoienera. Jostaketarako denbora askorik gabe, beti aritu izan da baserrian lanean; beti izaten baita zer egin. Gaztea zela, sos pizarrak ateratzeko mendiko lanetan eta gau-lanean aritu zen, baserriko lanak sekula utzi gabe. Ondoren, esneketari lanetan hasi zen. Hasiera batean, Altzibarrera; eta gero, Altza eta Herrera ingururaino, "parrokiano onak" zituen. Pakok baserria maite du, eta Sarobe baserria mantentzeko lan handia egin du, garai bateko tresna eta tramankulu mordoa gordetzen ditu. Horrez gain, Comète Sarearen lekuko ere izan zen mutil kozkorretan, II. Mundu Gerratik ihesi zetozen makina bat abiadore-aliatu etxean hartu baitzituzten, orduan beren lanaren garrantziaz oso jakitun izan gabe.
Isasa Iartzabal, Jexux
1928 - 2022 · Ugaldetxo
Jexux Igerobiaundin jaioa da (berak esaten duen bezala, "Iyerubi haundi"n). Baleione bezala ere ezagutzen dugu baserri hau. Aspalditik egiten da sagardoa bertan. Jexuxek ederki dakizki edari honen sekretu guztiak, eta aski gogoan ere bai Oiartzunen sagardotegi pila ederra zeuden garaiak ere. Bere aurrekoek kontatzen zizkiotenak eta berak gogoan dituenak kontatu dizkigu, eta, hartara, sagardotegietan egoten zen giroa ezagutu dugu. Izan ere, lehen, orain tabernetan bezala ibiltzen zen jendea sagardotegiz sagardotegi. Bertan txotxetik edaten eta basoka erosten, etxera eramateko ere etortzen zen jendea eta horretaz gain, behiarekin garlean ere banatzen zuten... Makina bat sagardo egin eta banatu da Iyerun.
Iza Artola, Joakin
1911 - 2011 · Altzibar
Joakin Ugarterrotan jaio zen, beste bederatzi seniderekin batera. Altzibarko errekaren beste aiekan nahikoa haur elkartzen ziren jostatzeko, denak ere Ugarte ingurukoak: Ugartek berak, Ugarterrotak eta Ugartetolareak osatzen duten etxe-multzokoak. Gazte-gazterik hasi behar izan zuten lanean, bera eta beste bi anaia Errenteriako paper-fabrikan aritu ziren lanean. Han harrapatu zituen gerrak. Behartuta eraman zuten, eta, euskaraz hitz egiten uzten ez bazioten ere, gogoan du tenientea euskalduna zutela. Gerra eta lana gogoan bazituen ere, gustukoen gogoratzen zituenak dantza garaiak ziren: "ai ai, gue denbuk!".
Jauregi Oiartzabal, Carmen
1927 · Ergoien
Ergoien auzoko Zulatxipi baserrian jaio zen Carmen. Aita Zulatxipikoa zuen eta ama Ugaldetxokoa. Umetatik hasi zen baserriko lanetan. Aierdin ibili zen eskolan, auzoko eskolan, Doña Julia maistrarekin. Sagardo garaian kupel pare bat hustu arte sagardotegia izaten zuten Zulatxipin. Esnea eta etxeko fruta kalera eramaten zituzten saltzera. Eskola utzi eta gero Joxepa Iñaxi modistarengana joaten zen josten ikastera; bere amandrea zen. Juansendo baserriko Francisco Etxebesterekin ezkondu zen eta Juansendon jarri ziren bizitzen, senarraren etxean. Baserri hori eta inguruan zeuden beste lau gehiago bota egin zituzten Mamut eraikitzeko. Baserria espropiatu zieten eta Altzibarrera joan behar izan zuten bizitzera. Carmenek oso gogoan ditu baserri ondoko errota (Juansendoko errota) eta hango zelaietan zituzten fruta arbolak.
Jesus Camarero-Nuñez Sorondo
1929 - 2021 · Igantzi
Igantziko Bentetan jaio zen eta 9 urterekin aita hil zitzaienean Oiartzuna plazako Peruki etxera etorri ziren amonarenera. Amaren aldeko familian pelotari ezagunak ziren. Bera, berriz, plastikoari lotutako industrian aritu zen lanean eta kooperatiben sorrera garaian beste batzuekin batera Tajo empresa sortu zuen.
Lartaun Elkartearen sorreran ere ibilia bertako kide aktibo izan zen.
Landabea Lasa , Pakito
1932 - 2020 · Altzibar
Oiartzungo Altzibar auzoan jaioa da Pakito. Aita Gonzalo baserrikoek jaso zuten eta bertako senar-emazteak izan zituen guraso. Ama, berriz, Karrikako Bidasoro baserrikoa zen. Lau senidetan Pakito zen zaharrena. Aitak Arditurriko minetan egiten zuen lan eta barberoa ere bazen; bi lanak tartekatzen zituen. Hamalau urterekin hasi zen lanean Pakito Altzibarko harrobian. Handik Errenteria-Oreretara joan zen lanera, eta bertan egiten ari ziren obretan pintxe modura ibili zen lanean. Gero Luzuriaga enpresara aldatu zen, eta bertan moldeatzaile ofizioa ikasi eta jubilatu arte aritu zen.
Baina Pakitoren benetako afizioa txirrindularitza izan da. Gaztetan txirrindularia izan zen; bost urtez aritu zen afizionatu gisa eta bi urtez profesional mailan, Añorga taldearekin. Geroztik, beti ibili izan da bizikletan. 1970 inguruan Lartaun zikloturista taldea sortu zuen, beste bi kiderekin batera. Begoña Odriozola pasaitarrarekin ezkondu zen eta Errenteria-Oreretan bizi izan dira. Hiru seme-alaba izan zituzten.
Lardi Landa, Joxe Luix
1932 - 2016 · Zizurkil
Ttiki-ttikitatik hasi behar izan zuen lanean Joxe Luixek. Baserri askotan ibili zen morroi. Garai haietan ikasi zuen pandero-jotzen, eta geroztik, hainbat soinularirekin bileretan eta ihoteetan ibilia da; musika non hantxe zen bera, bere pandero eta kantekin. Gerra ondoren, auzoko beste gazteekin batera, Ergoiengo jaiak eta ihoteak berreskuratze-lanetan aritu zen. Morroi eta artzain lanengatik, Oiartzungo mendi, bide eta tokiak oso ongi ezagutzen zituen.
Lasa Auzmendi, Joxe
1920 - 2011 · Arragua
Beasainen jaio zen Joxe. Aita Beasaingo Olea baserrikoa zen eta ama Ataungoa. 1924an, Joxek lau urte zituela, Oiartzungo Audele baserrira aldatu zuen bizitokia familia osoak. "Duquesa de las Torres" zen baserriaren jabea; jabea hil zenean baserria hustu behar izan zuten. Eskola bat baino gehiagotan ibili zen, Mendinzarren, Txaparren, mojekin eta Beheko Plazako Eskola Publikoan ere bai. Eskola utzi eta denbora gutxira soldaduskara joan behar izan zuen, eta lau urtetik gora egin zituen. Soldaduskara joaterako Errenteria-Oreretako Papeleran hasia zen lanean eta bertan aritu zen berrogei urtetik gora, jubilatu arte. Kontxi Ralla errenteriarrarekin ezkondu zen eta Arraguan jarri ziren bizitzen, bertan lur-saila erosi eta etxetxoa egina baitzuen Joxek. Artean autopista egin gabea zen eta errepide berria egin behar zutela-eta lur zati bat saldu behar izan zuten. Beti bizi izan dira berak eraikitako etxetxoan, Arraguan. Hiru alaba izan zituzten.
Lekuona Artsuaga, Enrike
1928 - 2019 · Karrika
Enrike Borrondegin jaioa da. Bederatzi senideetatik bera gelditu zen baserrian, baina bizitzaren gorabeherengatik toki askotara ailegatua da Enrike. Lehenengo ikasketak Karrikako eskolan egin zituen, eta Donostiako jesuitenean eskolak jaso zituen, lanaren truke. Soldaduska Leongo meategietan egitea aukeratu zuen. Paper fabrikan mutil kozkorretatik hasi zen lanean eta industria erreformak bete-betean harrapatu zuen; Europako herri ezberdinetara joan behar izan zuen makina berriak ezagutzera. Europak eraman duen bidea hartzen ari garela dio, urte gutxitan galduko direla baserria eta garai bateko patxada.
Lizaso Lekuona, Koxme
1937 - 2013 · Ugaldetxo
Ugaldetxoko Aldabene etxean jaio zen, nahiz eta 4 urterekin Aldaiburura mugitu ziren. Bost senidetan, denak anaiak, bigarrena dugu. Eskola etxetik bertan zutenez 4 urterekin hasi eta 13 urte zituen arte joan zen eskolara, Maixa maistrarekin. 15 urterekin, ordea, okindegi batean hasi zen gauez lanean, egunez baserrian aritzen zen bitartean. 20 urterekin Errenteriara mugitu zen, bere bizitzako urterik lasaienak bertan bizitu zituen. Ordurako, igeltsero lanetan hasia zen. Kontsuelo Aizpuruarekin, Iturriozko Oiartzabal baserriko alabarekin, ezkondu zen eta bertara joan zen bizitzera. 8 seme-alaba, 5 alaba eta 3 seme izan zituen. Bertsolari izateagatik da ezaguna Koxme, baina baserritarren kooperatibako lehendakari, zinegotzi, liburu baten idazle ere izan zen. Euskaltzale amorratua izan da. Eta horrez gain, ehiza eta perretxikotan ibiltzea ditu afizio.
Txiki-txikitatik entzun izan ditu bertsoak bere inguruan, 10 urtetarako bertso-doinu gehienak buruan zituela dio. Halere, aurreneko plaza 17 urterekin egin zuen Errenterian. Momentuko bertsolari handien ondoan aritu izan da bertsotan.
Loinaz Azpiazu, Juli
1933 · Donostia
Donostiako Loiola auzoan jaio zen amaren jaiotetxean, Zamarre baserrian. Bi gurasoak Donostiarrak zituen, ama Petra Azpiazu Arrastua eta aita Joxe Mari Loinaz Ibarburu, Betolondegi baserrikoa. Loiolatik Puntalera mugitu omen ziren. Donostiako gauza gutxi gogoratzen du, 3 urte zituenerako Oiartzuna etorri baitziren, Ezkontzegira. Gerrak bertan harrapatu zuen. Komunio handia egin zuenean Frantsillara joan ziren bizitzera. 1953an Epixkarrera ezkondu zen. 1957an Arraskura mugitu zen eta geroztik bertan bizi da. Baserriko lana ongi ezagutu du, elizako ohitura zaharrak eta sendabelarrak ere primeran ezagutzen ditu.