1938 - 2018 · Errenteria
Itturralde baserrian jaio zen. Aita Itturraldekoa zuen eta ama, berriz, Aldura baserrikoa. Aitak baserrian egiten zuen lan, eta ama kalera jaisten zen esnea eta fruta saltzera. Juantxo Aizateko eskolan ibili zen umetan. Baina oso gaztetatik mendian aritu zen lanean bere anaiekin batera. Bi anaiek lanak hartu eta gero lau anaia aritzen ziren zuhaitzak bota, zuhaitz landareak aldatu, mendia garbitu, mendi-bideak egin... eta gisako lanetan. Zegama, Aizkorri edo Arantzazu izaten ziren uda parteko lantokiak, eta gero behera jaisten ziren neguan. Askotan aste osoa pasatzen zuten mendian, lana, otorduak, lo... dena bertan egiten zuten. Itturralde urruti xamar gelditzen zela eta, Joxek hogeita sei urte inguru zituenean, Karrikako Gartxienera aldatu ziren ama eta semeak. 35 urte zituenean mendiko lana utzi eta Beta fabrikan hasi zen lanean. Han aritu zen hogei urte inguru. Gero, ardiak jartzea erabaki zuen eta Ezkontzegiberri baserrian jarri zen bizitzen eta ardiak hazten. Baina handik gutxira artzaintza utzi beharra izan zuen. Geroztik Petra Lekuona Egoitzan bizi da.