Oiartzungo aditzaren ezaugarriak

Primary tabs

Aditzaren atal hau osatzeko, Oiartzuarren Baitan ahozko ondareaz gain, Oiartzungo hizkera liburua hartu dugu iturri nagusi gisa. Mila esker egileei eta Udalari, euren lan hau erabiltzen uzteagatik:

Fraile Ugalde, Idoia & Ainhoa. Oiartzungo hizkera. Oiartzungo udala, Mugarri saila. 1996

Hona hemen, Oiartzungo aditzari dagokionez, aukeratutako testu zatiak:

  • Aditz-sistemaren nahasketa NOR-NORK sistemaren ordez NOR-NORI-NORK sailekoak erabiltzen dira. 80 urtez goitiko zenbait hiztunengan, ordea, nahasmen hau bakan gertatzen da: Fiestetan ola bendakin ikusten bayote, eztun jongo.
  • NOR-NORIren berezko formak ondoen, 80 urtetik gora dutenek jasotzen dituzte. Egia da beti ez dutela erabiltzen, baina jasotako adibide mordoxkek, arrastoak baino zerbait gehiago ere badugula erakusten dute: Norbait pasa dela iruittu zit, iruittu zit norbait bai ote zen or ta...” “Zalla ingo etzigu ba!
  • NOR-NORI-NORK sailean, datibo gisa nei, zui eta zuei ageri direnean, gazteen joera NOR-NORK erabiltzekoa da: Nei alkolak enau bate ongi itten /  Xoluak ongi itxi e, bestela axeiyak iesi ingo zattu ta...
  • Oiartzungo aditzaren ezaugarri orokorrak (...) NG gehienean bezala, Oiartzunen ere 2. pertsona singularra /y/z hasten da: yun / yekiken / yabil / yai / yo(z) / yuzen / esaki yok / yezaken / yau / yaiz / yitzan... (...)
  • NOR-NORK: Maiz askotan, mendebalean hain nabarmenki erabiltzen diren N-N-N aditz formak erabiltzen dira N-N kasuetarako: Otsua etortzem bada jan ingo digu / Fiestetan ola bendakin ikusten bayote / Geo kartzela eman tziaten / Matte ziuten
  • NOR-NORI: Sail honek formen aniztasuna ezaugarri nagusi duela esan beharko genuke. Dena den, urteen joanak nabarmenki bilakaera horretan eragin zuzena izan duela ere, begi bistakoa da, 80 urtez goitikoek gordetzen baitituzte ondoen, NOR-NORIren berezko formak. Orainaldian esaterako, NOR-NORI-NORK eta NOR-NORK sailetakoak ere erabiltzen dira NOR-NORI z gain. Azken honek, erabilerarik haundiena datiboan 3. pertsona singularra denean agertzen du, kasurik gehienetan honelaxe erabiltzen baita: Gizona iltzen baziyo andriak igwal kobratze u / Ta or galdu zayo artaldia / Lejia bezelako olako gusto bat jartzen tzayo. 60 urtez beheiti ordea udan akortuko yo bezalako formen arrastoak jaso ditugu, eta behin 30 urtez azpitik, joera hau are erabiliagoa dela garbi-garbi ikusten da. Nor-nori-ren ezaugarri den “z” honen arrastoak, lehenengo pertsona singular eta pluraletan eta baita bigarrenean ere entzun ditugu. Hiztun hauek denak 70 urtez goitikoak dira eta gehienek laurogei ere pasatuxeak dituztela esan behar dugu: Ua nei sendatu zitt (...) Ua guri zalla ingo etzigu ba! (...) Ua zuri ta pentsatzen etzun garayin zetzen tzaizula ustegabekom bat. Sujetoa plurala denean kasuak bakanak dira: Aik nei asko sendatu zizkit (...) Aik airi olokui askotan jatorrak atetzen tzizkatela umik e. Dena den hiztun hauek beroiek, kasu hauetan NOR-NORI-NORKeko formak eta NOR-NORK sailekoak ere erabiltzen dituzte: Nei pasatu izandu it / Nei enau gustatzen...
  • Lehenaldiari dagokionez, esan daiteke egungo oiartzuar hizkeretan NOR-NORI-NOK saila erabiltzen dela, eta beraz, bi adizkera hauen artean uniformetasun batetara iritsiak direla. NOR-NORIren ezaugarri bereizgarri den “tza” 70 urtez goitiko lekukoren bati entzun diogu: Ta geo etorri zitzaidan Aita Zabala berriz e... (...)
  • NOR-NORI-NORK: Nahasmena handia da. Esan daiteke datibo gisa 3. pertsona denean, ez dela aparteko arazorik suertatzen, egia da kasurik gehienetan nori singularra eta plurala ez direla bereizten, baina beti erabiltzen dira NOR-NORI-NORK sailekoak. Oso besterik gertatzen zaigu alabaina, orainaldian datibo gisa “nei”, “zui”, eta “zueri” ageri direnean. Izan ere, kasu hauetan maiz NOR-NORK sailekoak tartekatzen baitira. Era honetako adibideak urriak dira 80 urtetik goitiko aiton-amonengan, gure bilketa lan honetan bi kasu bakarrik bildu baititugu. 65 urtekoez azpitik haatik, barra-barra ageri dira. Beti ere, jakina, NOR-NORI-NORKeko aditz formekin lehian. Gaztetxoengana jotzen baldin badugu, bi aukerak erabiltzen dituztela esan behar. Ugariago da ordea, dudarik gabe, NORK-NORK adizkeraren erabilera. (...)