Biografia |
Artamugarri Erdikoan jaio zen Teodora, Oiartzun eta Errenteria-Orereta arteko mugaren ondoan. Baserria Errenteria-Oreretako lurretan egon arren, Oiartzun gertuago geratzen zitzaienez, Iturriotz alderako joera zuten beti. Aita auzoko Arbide baserrikoa zuen, Jose Manuel Mendiburu. Eta ama, Lorenza Etxeburu, berriz, Donostiako miserikordiatik Artamugarrin jasotakoa zen. Aitak baserrian egiten zuen lan eta esneketariak saltzen zien esnea. Auzolanera joaten ziren ondoko baserrietara mantenu truke eta pozik, lana egitearen truke nahikoa jan eta edana ematen zietelako. Aizateko eskolan ibili zen Teodora, baina erdietan ez ziren eskolara joaten, baserrian lana izaten baitzen. Baserritik Oiartzungo Iturriotz auzora jaitsi ziren bizitzera ahizpa eta gurasoak. Oiartzungo Peluberri baserriko Inazio Etxenagusiarekin ezkondu zen eta, senarra harakina zenez, Orma izeneko harategia ireki zuten izen bereko etxepean. Oso estimatuak ziren bertan egiten zituzten odolkiak eta egin orduko saltzen zituzten. Salgai zuten haragia ere inguruko baserrietakoa izaten zen. Hogei urte inguruan izan zuten harategia. Senarra hil zenean harategia itxi zuen. Ordurako Amazkar baserria erosi eta erabat berritua zuten. Geroztik Amazkarren bizi izan da alabarekin baserriko lanak utzi gabe: ingurua txukundu, baratzea egin, oiloak eta txekorra hazi...
|